5.1. Autonomia Estatutua
Euskadiko Autonomia Estatutua, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutakoa, EAEko eskumenak jasotzen dituen erreferentziako esparru juridikoa da. 1979. urtetik aldatu ez denez, familiei laguntzeko politika publikoak instituzionalizatzeko prozesuaren aurrekoa da eta ez du berariaz jasotzen familiaren arloko eskumena (gerora beste autonomia-erkidego batzuetan sortu ziren beste estatutu batzuek hala egiten dute).
Beraz, estatutuan ez da eskumenik zehazten ezta familiaren arloko jardun zehatzak berariaz babesten dituen titulurik gaitu ere. Hala ere, horrek ez du esan nahi EAEk familia-erakundeari buruzko berezko jardunik garatu ez duenik. Esate baterako, 9. artikuluak zehazten du euskal botere publikoak, haien eskumenen arabera, herritarren eskubideen eta betebeharren erabilera egokia babesteko arduradunak direla, enplegua, aukera-berdintasuna eta herritarren partaidetzaren arloetan besteak beste. 10. artikuluak, aldiz, bakarreko eskumeneko arloak jasotzen ditu, hala nola gizarte-laguntza, ekonomiaren sustapena, etxebizitza, aisia, kirola eta komunitatearen garapena.
Euskadiko Estatutuan familia babestu beharreko alderdi gisa espezifikoki jasota ez egotea familiaren arloko zeharkako ikuspuntuaren instituzionalizazio berantiarrean islatuta egon daiteke nolabait. Izan ere, horren ondorioz, XXI. mendean sartuta egon arte, familian eragina eduki duten baina familiak babesteko ikuspegi batetik antolatu ez diren sektoreko neurriak egon dira.
Egoera horretan inflexio-puntu argi bat egon da 13/2008 Legea indarrean sartutakoan. Dena den, horren aurretik, familiei laguntzeko erakundeen arteko lehenengo planak norabide horretan emandako lehen urratsak dira.